XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenbizikotik aitortzen dugu ez dela egiteko erraza gertatu datuak hautatzea; hau ez da harritzekoa, dialektologia lanetan datuak hautatzea eta diskriminatzea izan ohi da burukomin gehien dakarren jarduna.

Goñerriko hizkera ezagutzeko eta deskribatzeko era guztietako datuak behar genituen, baina ondorioetara iristeko nagusiki datu kontrastiboak nahi izan ditugu, aldeak erakusten dituztenak, hizkeren arteko lezeen berri ematen digutenak.

Horrezaz gain, Goñerriko hizkerak inguruko hizkerekin eta eremu zabalagoekin dituen loturak ere adierazi beharra zegoen.

Goñerriko hizkerari buruzko deskribapen orokor bat egiten den lehen aldia denez, onartzeko modukoa iruditu zaigu inoizka kontrastiboak ez diren datu deskriptiboak ere sartzea, izan ere beti ez da erraza gertatzen Goñerriaz landako inguruko ibarretako ezaugarri edo datu zehatz horiexek edo parekagarriak aurkitzea; ezin utziko dugu sartu gabe Goñerriko datu interesgarri bat ondoko ibarretan nola esaten den ez dakigulako soilik.

4.2. Euskal Dialektologiaren egoera ez da desira genezakeena ere, baina arazoak arazo, urratsak egitea beste biderik ez dakusagu oraingoz.

Gure datuetarik anitz lehen eskukoak ez izateak eta fragmentarioak gertatzeak eragin du orriotan agerpen maiztasunaz eta aldaera baten nagusitasunaz edota atzerabidean egoteaz horren guti mintzatzea; ezinbestean gertatu da honela eta ezagun duke hori deskribapenaren kalitaterik ezak. Inoiz, gainera, ezaugarri bat leku batean ez agertzeak ezaugarri horren inexistentzia postulatzeko tentaldira eraman gaitzake; testuetan oinarriturikako honelako lanetan era honetako arazoak biderkatu baizik ez dira egiten.

Esate batera: hitz hasierako tz- (tzakur, tzerri e.a.) ez da ageri ez Goñerriko testuetan ezta Bonaparteren datuetan ere.

Berrikuntza hori bada, ordea, ondoko Ollo herrian, Erizkizundi-ak dakarrenez.

Zer pentsatu behar dugu Goñerrirako, ezaugarri hau ez zegoela, ala bazegoen zerbait printzeak ez zuela islatu?

Bonaparteren Aezkoako datuetan ere ez da ageri tz-rik, baina ibar horretako mende honetako mintzoan guztiz arrunta da ezaugarri hau.

4.3. Lanabesak aurkezten Andiaz hegoaldera ditugun lekukotasunetarik hasiko gara.

Datuen eta testuen aldetik, XVII. gizaldiko Juan de Beriain idazlea, XVII. gizaldiko Urdozko salaketa bateko hitz batzuk (Satrustegi 1987), Izarbeibarko XVIII-ko Utergako dotrina bat (Ondarra 1980), Garesko Bonaparteren inkestako emaitzak (Ondarra 1982), Obanosen agertu diren bertso batzuk (Ondarra 1993e), Oltzako Bonaparteren inkestako emaitzak (Ondarra 1982), Ororbiako 1758ko testu bat (Satrustegi 1987 eta Ondarra 1995), Oltzako Iberoko guruzpideko otoitz bat (Arraiza 1988), Joseph Markotegi Goñikoaren Olloko XVIII-ko predikua (Knô*rr 1992), Goñiko Bonaparteren inkestetako emaitzak (Ondarra 1982), Bakaikuko ikertzaile Ondarrak berak argitaratu Goñerriko testu zahar eta lokalizazio arazoz beteak eta Olloibarko Ollon mende honen hasieran Eusebio Etxalarkoak Erizkizundi Irukoitzerako bildu emaitzak baliatzen ahal ditugu.

Estellerrira begira, Gesalazko Muzkiko XVIII. gizaldiko Martinez de Morentinen testu luzexkoak gelditzen zaizkigu (Lecuona 1973); nahi izanez gero, Muzkiko Elizalderen XVIII. gizaldiko dotrina ere baliatzen ahal da.

Adizkietarako Bonaparteren zerrendak eta Yrizarren azterketak (1992)